XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azken esaldia esaten amaitu eta berehala, biak geratzen dira ixilik.

Auxtin, Justiñeren lehendabiziko erreakzioaren zai, apur bat beldurturik ez bait daki zer nolako ondorioak ekar ditzaketeen abisurik gabe jaurtikiriko hitzek, uste gabean helerazitako errebelazioak.

Lehendahiziko erreakzio hori ez da luzez berandutzen.

Hasieran piskanaka eta ondoren mugarik gabe, negarrari ematen dio Justiñek aldi berean dioela: - Mina sentitzen dut! Mina sentitzen dut!.

Eta Auxtiñen harridurarako, farrez hasten zaio Justiñe negarrari utzi gabe eta behin ta berriz errepikatzen duela mina sentitzen dut! mina sentitzen dut!.

Ordu batzu geroxeago, senar-emaztea ohean daudela, halako argipenak argitzen dizkio Justiñek Auxtiñeri: - Istripu horri buruz sekulan ez zidaten ene gurasotzakoek bat ere kondatu.

Are gutxiago arestian aipatu dizkidazun zehaztasunak.

Hamazazpi urteak bete arte beti izan omen nintzen neska odolgabe eta neure barruan itxia gehiegikeriaraino.

Hamazazpi urterekin, berriz, adiskide batekin pelikula bat ikustera joan ezkero harrigarria da, baina oraintxe oroitu naiz pelikula hartaz fantasia batek bereganatu ninduen osotoro.

Ba da erlaziorik pelikula eta nire fantasiaren artean.

Begira, cowboy horietariko pelikula zen.

Eta eskena jakin batetan, unain zakarraren papera egiten zuenak can can dantzako neska bat bere magalean ipini eta egundainoko jipoia ematen zion.

Tabernan zeudenak unaiaren akzioa eragozten saiatu ziren baina unaiak, pistola ateraz, guztiak hiltzen zituen.

Hark eragin zidan geroago hiru urte luzez lagunduko ninduen fantasia, atzo kondatu nizuna, hain juxtu.

Auxtinek eteten dio esanez: - Baina zure fantasian gizonak ez zuen jipoiarena burutzen.